XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskaldunak estimatuak ziren mendi lanean

Bistan da mendi mutil euskaldunak hagitz estimatuak zirela, lan gogorrari beldurrik ez ziotenak izaki.

Panttaleonek gogoratzen duenez, txoferren bat edo bertze Santanderkoa izaten zen, enkargatuak frantsesak normalean, baina gehienak euskaldunak.

Pantxito Ezkurrakoaren ustez ere euskaldunak oso estimatuak izaten ginen han. Ni urtebetez bakarrik joan nintzen, baina hurrengo urtean ere ahaleginak egin zituzten ni eramateko, baina badakizu, ezkondu nintzen eta... Besteek segitu zuten, bai, hainbat urtez

Martin aniztarra, arduraduna izaki, langileak nondik eramaten zituzten gogoratzen da. Gehienak hemen ingurukoak baziren ere, gailegoak aunitz ereman gintuen, hemen ez baitzen jende aski

Gero eta guttiago dira lanbide honetan ari direnak

Industrializazioaren eraginez eskualdean lanpostuak sortu zirenean hasi zen mendi mutil ofizioaren gainbehera.

Ezkurran oraindik bi lagun badira Frantziara joaten direnak.

Miguel Goikoetxeak urte osoa ematen du kanpoan.

Eguberriak eta iñauteak sorterria igaro ondotik, otsailaren 16an itzuli zen lanera. Jaime Gastearenak, berriz, egunero egiten du joan-etorria eta asteburua, normalean, Ezkurran ematen du, hurbil xamarrean izaki.

Urrozko Juanena anaiek ere Alpeetan ematen dute denboraldia, Zubietako Juanto Santestebanek bezalaxe.

Beartzundik oraindik joaten diren bi lagun ezagutzen ditu Martin aniztarrak, baina hemen hurbil xamar aritzen dira Eratsunen ere bada bakarren bat joaten dena.

Frantziara inor gutti joaten bada ere, gure inguruko mendietan basoan aritzen den jenderik bada, noski.

Biak probatutakoa Frantziakoa eta hemengoa, alegia da Leitzako Astibiabeheko Juan Jose Sagastibeltza.

26 urte eman zituen Ariessen (Frantziako Tolosa inguruan) eta duela bi urtez geroztik, Evaristo anaiarekin ari da hemen. Han ez zen gruarik eta dena eskuz kargatu behar zen. Oraingo aldean lan gogorra zen orduan dio. Gaur egun ez da kasik inor joaten, baina garai batean euskaldunez josia izaten zen inguru hura

Eustakio Elizalde Zubietarra, Miguel Mª Lasaga iturendarra eta Eustakio Bazterrika iturendarra ageri dira orain dela hogeitazortzi urte inguru ateratako erretratoan.

Hasieran txabolatan nola edo hala lo egiten bazuten ere, 1965. urte aldera lantegiak etxea eraiki zien lanean ari zirenei, ur beroa eta guzi. Etxe aitzinean ageri dira, bertzeak bertze, Arantzako Patxiku Bergara, Primitivo Errandonea, Florentino Sein eta Panttaleon Errandonea eta Lesakako Isaac Altzugarai eta Guillermo García.

Martin Altzuarte eta bere mutilak Goi Piriniotako mendietan ageri dira gaineko bi argazki hauetan. Ageri denez, idiak ere erabiltzen zituzten egurra kableetara garraiatzeko.